Zamudioko historia

Gutxi gora-behera, Txorierriko bailararen erdian dago. Erdi Aroan bidegurutzea zen bertatik, batetik Bilbotik (ez da ahaztu behar hiriburuko sarbiderik nagusiena Zamudio ataria zela) Mungia igaroz Bermeoraino joaten zelarik eta bestetik Plentziatik eta Bilboko itsasadarraren eskumaldetik, Larrabetzu igaroz, jaurerriaren barrualdera. Komunikaziorako hain garrantzitsua zen bidegurutze hau, San Martin eta alboan dagoen torrearen jabeen botereaz biribiltzen zen. Guzti honek leku honi aparteko nagusitasuna ematen zion, bertan ekonomia boterea, pertsona zein merkadurien garraioa kontrolatuz, izpirituaren boterea eta militarren boterea batzen baitziren.

Zamudiotarren garrantzia Garcia de Salazar idazleak goraipatu zuen. Honek bere Bienandanzas e fortunas liburuan, Zamudioko biztanleen artean Gabiriako kontea zen Fortun Garces (870-905) Nafarroako erregearen semea aipatzen du, nor Nafarroatik etorritako nekazariekin batera etorri ei zen. 930aren inguruan, bere oinordekoa izan zen Galindo Ordoñezek San Martin eliza eta Arteaga-Jauregi edo Zamudio torrea eraiki zituen. XIII.mendean, Ordoño familiak Oleriaga torrea eraiki zuen; Fortun Sanchezek etxe berri bat eraikiz Susunagan. Zabalkunde hau bi zutabetan oinarritu zen. Bata, 1284ean Zamudiotar bat foruen alkate izendatu zutenean, bestea ezkontzen politika izan zela eta (Aialatarrak, Ribastarrak, Ibargoentarrak eta Otxandategitarrak).

XIV. mendean Zamudiotarren senitartekoak Bizkaikoen boteretsuenen artean zeuden, Orozko eta Saltzedoko bailaren hainbat lur euren esku zeudelarik. Hala ere, denboraren joan etorriaz, ondasunak oinordekoen artean banatu zirenez, Zamudiotarren boterea maldan behera joan zen. Joan ere unerik txarrenean joan zen banderizoen arteko liskarrak pil-pilean baitzeuden. Gisa honetara, 1275etik hasita Zamudiotarrak eta hasberriak ziren Ordoñotarrak euren ohiko etsaiak ziren Butroitarren aurka aritu ziren. Honela, 1409an Gomez Gonzalez de Butronek Zamudioko Ordoño torreari su eman zion (Sancho Ortiz de Zamudio eta bere emaztea, Maria Alonsa de Mujika preso egin zituztelarik). 1443an Butroitarrek Arteagako Martin jauregia eta Olariaga torrea erre zituzten. Banderizoen arteko liskarrak bukaturik, borrokaturiko familiek toki berria hartu zuten garaiko gizartean, administrazioan edo ejerzitoan sartuz zein errentarilarien lanei ekinez.

Nekazaritza-noblezia berri hau, 1718ko matxinada famatuan, merkatarien aurka aritu zen, Zamudioko elizatean zenbait gora-behera sortaraziz.

Bitxikeriak

  • 1454an Enrike IV.ak, Granadako erresumaren aurkako gerra aurrera eramateko, Bizkaiko jaun eta kapare handiak deitu zituen, euren artean Zamudioko Santxo.
  • Cartas Marruecas eta Noches Lúgubres liburu ospetsuen idazlea, José Cadalso y Vázquez (Cádiz 1741 - Gibraltar 1782) Zamudion dagoen Cadalso etxeko semea zen.
  • 1966ko martxoaren 30ean Bilboko mugen barruan sartu zen, 1982ko abenduaren 20an ordea, berriro bere buruaren jabe izan zen.