Zamudioko elizateak historia osoan ez du izan armarik, herria ordezkatuko duen armarriari erants dakiokeenik.
Zamudioren armarria hautatzeko, beraz, egoki iritzi zaio, alde batetik, armarrien gaineko zientzia eta, bestetik, gure herriaren garapen historikoa bateratzeari.
Herriaren mugen barruan osperik eta eraginik handiena duen leinu-etxearen armarria herriaren armarritzat hartzea izan ohi da, heraldikaren legeei jarraiturik, erabiltzen den irizpidea. Gure kasuan, Zamudio leinua da gailentzen dena.
Zamudio leinuaren elementurik adierazgarriena Zamudio torrea da, gaurdaino zutik iraun duen torrea, alegia. Torreko harlanduan, leinuaren armarria ageri da. Beronek erdi bi ditu: batean, hiru uhin ageri dira; bestean, bost lertxun-orri, sautier forman.
Aurretik adierazitako guztia kontuan hartuta, Zamudioko herriaren armarria era honetan definitzen da "Urrezko hondoan, erauzitako arte orlegi bat; kantoietan lau lertxun-orri urdin, eta puntan, uhin urdinak eta zilarrezkoak."