Uraren Jantzea

 

Zamudion etxebizitzez osatutako auzoek hainbat industrialde daukate tartekaturik. Baina biztanle-kopuru eta industria-multzorik handienak herri erditik igarotzen den errepide nagusiaren alboetan kokatzen dira. Proposatzen dizuegun ibilbide honek, ostera, Zamudiok gordetzen dituen leku ezkutu eta atseginenak erakutsiko dizkizue. Batetik, bailara honetako herrien jatorria ederto azaltzen diguten baserri-auzoak ezagutuko ditugu. Eta bestetik, mendixka apalak, zelai eta basoak, baserri sakabanatuak eta ermitatxo interesgarriak nahasian dituen paraje eder batean murgilduko gara.

Txangoari herri-gunetik ekingo diogu, berehala Parke Teknologikoa zeharkatzen duen bidegorri eroso batetik aurrera egiteko, izenak egoki asko jarrita dauzkaten zuhaitz-mota askoren gerizpean. Bidegorria amaitzean, norabide berean doan pistatik basoan sartuko gara Larroaz errekan gora. Aldapa txiki bat igo ondoren, Geldo auzora hurreratuko gara San Bartolome ermitara iristeko.

Handik beste aldapatxo bat gainditu behar da, Berreagako mendilerrora iritsi arte. Zamudio eta Gamiz-Fika udalerriaren arteko muga honetatik ikuspegi apartaz gozatzeko aukera dago: hegoaldetik, Txorierri harana eta Artxanda mendia; iparraldetik, berriz, Mungialdea eta Sollube mendia. Gero Daño auzora jaitsiko gara GR 280.1 bidearekin bat eginik  eta eroso samar helduko gara Arteaga aauzora. Hemendik aurrera, kale-pasealeku batek Zamudioko erdigunera eramango gaitu eta ibilbidearen azken metroak Santiago bidetik egingo ditugu.