Uraren Jantzea

 

Eleixalde inguruan daude, hain zuzen, Zamudioko ondare-eraikinik nabarmenenak: adibidez, Errenazimendu garaiko eliza dotorea eta ondoan aurkitzen den dorretxe ederra. Zamudiotarren leinu ospetsuak Behe Erdi Aroan eginarazi zuen gotorleku hau orain herriko Kultura-etxea da.

XVII. mendean jasotako Larragoiti jauregia Zamudioko eraikinik bikainetakoa izan zen. Luzaroan hondatuta egon ondoren, enpresa-mintegi gisa eraberritu dute duela gutxi.

Gure ibilbidetik metro batzuk Deriorantz aldenduta, Kadalso baserria aurkituko dugu eskumatara, XVI. mendeko baserri-eredu bikaina, bi isuriko teilatuarekin, zurezko zutabez osatutako egiturarekin eta sarreraren erdian ateburu luzeaz.